XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Kietoparau amigo! -esan zion Juliusek besoan tiro egiten zion bitartean.

Gelan haragi errearen usaina zabaldu zen, gizarajoaren garrasiekin batera.

Zauriaren minak ez baina bere burua bapatean besamotz ikusteak, bultzatu zuen garrasi egitera.

Beste hirurek keinurik ere ez zuten egin.

Ez zuten beren lagunaren esperientzia bera pairatu gura.

- Hala ere, salba zaitezkete oraindik -esan zien Juliusek.

- Nola?

- Oker ez banago, untzi honek Urdinak desegiteko harmak izan behar ditu.

Juliusek Aginte-Gelaren panel, ordenadore eta pantailak miatu zituen.

Untziaren eredua antigualekoa zen, ezezaguna zuen, baina harmatua bazegoen, harma horiek aurkitzeko gai sentitzen zuen merkatariak bere burua.

Azken finean, bere Ausarta-ren teknologia eta untzi haren oinarrizko teknologiaren artean ez zegoen seguruenik tarte handirik.

Hantxe zegoen: koordinatu-pantailak, tiro-zuzentzailea eta zakurra.

Espero baino azkarrago erdietsi zuen.

- Gela honetan dagoen guztia ez dabil... edota nola dabilen ez dakigu -komentatu zuen emakumezkoak.

- Beraz, nola jartzen duzue traste hau martxan?

- Palanka honi eragiten badiogu, untzia automatikoki jartzen da martxan.

Zerura igo eta bertan bi aste egiten ditu.

Gero, berak bakarrik egiten du etxerako bidea.

Guk besterik ez dugu egin behar.

Automatikoki ibiltzen da.

Juliusek eraso-sistema martxan jarri nahi izan zuen, baina nahiz eta birritan abiarazte-botoia sakatu deus ez (...).